LaTeX-ekin formateaturiko dokumentuak sortzen

Ba al dakizue dokumentuak konpilatu ahal direla? Hurrengo artikuluan, LaTeX zer den eta zelan erabiltzen den erakutziko dizuegu. Adi egon!

Zer da LaTeX?

LaTeX, liburuak eta artikulu zientifiko-teknikoak, besteak beste, argitaratzeko erabiltzen den sistema bat da. 1984ean, Leslie Lamport-ek, Donald Knuth-ek sortutako TeX testu-editorean erabilera errazteko, makro deritzon instrukzio-bilduma sekuentziala sortu zuen.

Lan horretan oinarrituz, LaTeX (LamportTeX) izeneko testu-konposizio sistema sortu zen. Handik aurrera, programak, hainbat hobekuntza izan ditu eta gaur egun, dituen potentziari eta ahalmenei esker, oinarrizko tresna bihurtu da sektore zientifiko-teknikoan. Kode irekiz eraikia dago eta LPPL (LaTeX Project public license) lizentziarekin argitaratzen da. Modu askean erabili, garatu, moldatu eta banatzeko aukera ematen du lizentzia horrek.

Dokumentuak sortzeko paradigmak

latex

Testu-prozesadoreek, lortu nahi den formateaturiko dokumentua zuzenean erakusteko ahalmena eskaintzen digute. Ahalmen horri WYSIWYG (What You See Is What You Get –  ikusten duzuna, lortuko duzuna da) esaten zaio. LaTeX-ek ordea WYSIWYM (What You See Is What You Mean – Esaten duzuna, lortuko duzuna da) paradigma jarraitzen du. Arreta dokumentuaren edukian jartzen da eta aurkezpena definitutako edukiaren araberakoa izango da. 1 ilustrazioak WYSIWYG eta WYSIWYM paradigmek dokumentuak sortzeko eman beharreko urratsak laburbiltzen ditu.

Dokumentu bat sortzeko, bi urrats eman behar dira. Lehenengo, formatu gabeko edozein testu editore erabiliz (e.g. notepad, gedit), iturburu izango den fitxategia sortzen da, erabili nahi ditugun testu eta komandoekin. Ondoren, formateaturiko dokumentua lortzeko, aurreko fitxategia prozesatu egin behar da. Urrats horri konpilazioa esaten zaio eta programazio-lengoaietan programak sortzeko erabiltzen den antzeko prozesuan oinarritzen da. Testu eta komandoen edizioa errazteko hurrengo ataletan aurkeztuko ditugun testu-editoreetako bat erabil dezakegu.

Abantailak vs desabantailak

Desabantailak

  • Hasierako ikaste-kurba du. Komando batzuk ikasi behar dira eta behar aurreratuak izan ahala,  gehiago ikasi behar da. Ikasketa errazteko, txantiloiak erabili ohi dira.
  • Konpilazio-akatsak jaso ahal dira. Atalez atal, maiz konpilatzea gomendatzen da.
  • Dokumentuaren itxura konpilatu arte ikusten ez denez, akatsak pilatu daitezke.
  • Dokumentuaren egitura eta aurkezpenaren pertsonalizazioa konplexua da. Halaber, idazleek, kasu gehienetan, editoreek sorturiko txantiloiak erabiltzen dituzte.

 Abantailak

  • Dokumentuaren itxura ez da konpilatu arte ikusten. Arreta edukian jartzeko aukera ematen du.
  • Edukiaren eta aurkezpenaren arteko abstrakzioa dago, independenteak dira.
  • Egilearen eta editorearen eginkizunak banatu daitezke.
  • Editoreak dokumentuaren egituran jar dezakete arreta, horrela egileei aurkezpen profesionalak egiteko aukera eskaintzen die.
  • Dokumentuaren formatua eta aurkezpena aldatzeko malgutasun handia dago, edukia eta egitura banaturik baitaude.
  • Txantiloi profesional ugari daude, era guztietako dokumentuentzat, gainera: liburuak, eskutitzak, artikuluak, liburuxkak, gardenkiak, eta beste asko. Txantiloiak editorial profesionalek, ikerketa taldeek edo unibertsitateek sortu ohi dituzte. Deustuko Unibertsitatearentzako txantiloiak ere badaude [5][6].
  • Formula matematikoen adierazpidea oso erosoa da.
  • Egitura konplexuak automatikoki sortzeko ahalmena du: aurkibideak (edukia, taulak, irudiak), erreferentzia gurutzatuak (irudi, taula, atal edo beste edozein egitura), bibliografia.
  • Software librea da eta sistema eragile askotan erabil liteke.
  • Erabilitako lengoaia estandarra da. Ez dago programa baten bertsioaren menpe.
  • Ikerketa munduan oso erabilia da. Aldizkari zientifiko askok erabiltzen dutena da.
  • Emaitzen kalitate tipografikoa profesionala da.
  • LaTeX fitxategiak testu hutsez sortuta daude. Dokumentuen bertsioen kontrola jarraitzeko erraztasuna ematen du horrek.
  • Geure komandoak eta funtzioak sortzeko aukera ematen du.

Nola hasi naiteke?

Idazten hasi baino lehen, LaTeX erabiltzeko ingurunea prestatu behar da. Hau da, beharrezkoak diren aplikazioak instalatu behar dira. Erabilitako sistema eragilearen arabera, egin beharreko urratsak desberdinak izan daitezke.

Halaber, orokorrean bi elementu nagusi instalatu behar dira. Alde batetik, LaTeX sistemaren fitxategiak eta bestetik LaTeX editore bat. LaTeX sistemaren fitxategiak aurrez sorturiko pakete erosoan bilduta aurki ditzakegu [1]. LaTeX editorea hautazkoa izan arren, oso gomendatua da dokumentuekin egin beharreko lana asko errazten baitu. LaTeX-entzako editore asko aurki ditzakegu [2], haien artean gogokoen duguna TeXstudio da [3]. Eskaintzen dituen aukeren artean ondorengoak aipatu behar dira:

  • Idazteko eremu integratua da. LaTeX-ek dituen tresna guztiak erabiltzeko laster bideak ditu, eta hizkuntza horren sintaxiaren erabilera errazteko laguntza asko eskaintzen ditu.
  • Testu-editore ahaltsua da. Eskaintzen dituen aukeren artean interesgarrienetarikoak hauek dira: hainbat hizkuntzatan, euskaraz ere bai, dagoen zuzentzaile ortografikoa; testuan zehar nabigatzeko erraztasuna, edo idazleak egin ditzakeen akatsen ikuskatzailea.
  • Dokumentuak kudeatzeko ere tresna asko eskaintzen ditu. Adibidez, idatzitako lana web orrialde moduan esporta dezake, PDF fitxategiak ikusteko aukera dauka eta lana taldeka egiteko baliabideak eskaintzen ditu, besteak beste.
  • Iinstalatzeko oso erraza da eta Windows, Linux, BSD eta Mac sistema eragileetan erabil daiteke.

Erreferentziak

“2012-an Eside aldizkarian Asier Gonzalez-ek eta Igor Ruiz-Agundez-ek idatzikato artikulua”
Asier Gonzalez Zabala
About
Researcher assistant
Research: Process Optimization, Security, Systems Management

Leave a Reply

Your email address will not be published.

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.